XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lorpen bakarra, antza, Campionek aipatzen zuena zen, hau da, lekukotasuna ematea herriak baduela bere hizkuntza, zeinaren alde abertzaletasunak euskal lur honen seme bastartek ukatu dioten begirune eta maitasuna exijitzen duena. Soilik lekukotasuna.

Eta, hala ere, Campionek aurrera jarraitu zuen. Idazki frankotan onartu zuen foruzaletasunaren aldeko apostu politikoaren desagerpenak min handia egin ziela, euskalgintzan ariko zela hortik aurrera, eta euskarak izango dituen ekimen guztietan egongo da beti iruinsemea. Horregatik, bere ibilbideari jarraitzea hurrengo literatur lehiaketak deitu bitarteko tartearen gorabeherak ezagutzea da.

1901ean, Basilio de Iraizotz nafarrarekin batera Euskaltzaleen Biltzarra sortu zuen Hondarribian, Abbadiak eginiko lanari jarraipena emateko, eta 1907an, bera buru zela, Euskal-Esnalea elkartea eratu zen, Gipuzkoan sortuagatik Euskara Elkartearen oinordeko zuzena izenda daitekeena. Elkarteak eragin handia izan zuen lehen urteetan Nafarroan, eta hasierako batzarreak Autzan, Elizondon eta Lekunberrin egin ziren. Hortik sortuko zen Euskal-Esnalea aldizkariak Euskarak utzitako hutsunea beteko zuen aurrerantzean.

Bitartean, euskal mundu txikian leiho berriak zabaltzen ari ziren. 1907an Eusko Ikerkuntzen Nazioarteko Aldizkaria (RIEV) sortu zuen Julio Urkixok, eta 1915ean Diario de Navarrak euskarazko orria argitaratzeari ekingo zion.

1918an eta 1919an jaioko dira Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia kide eta bultzatzaileen artean agertzen da berriro ere Arturo Campion eta Nafarroako Diputazioak diruz lagundutako bi elkarte hauek berpizkunde berri bat eragingo dute. Haize berriak arnasten zirela ezin uka, aurreko urteetan prentsaren bidez behin baino gehiagotan eskatutako eta inoiz ez lortutako euskal jaiak izeneko egunak ugaldu egin baitziren Nafarroan zehar. Aitzindaria izan zen 1923an Etxarri-Aranatzen egin zena, eta segidakoak 1926an Auritzen eta Otsagabian buruturikoak.

1925ean, giro freskoak bultzatuta, Euskararen Adixkideak elkartea sortu zen Iruñean. Fundatzaileen artean ziren Jenaro Larretxea, Damaso Intza, Gerardo Valcarlos, Miguel Intxaurrondo, Miguel Esparza, Jose Maria Huarte eta Domingo Beunza. Belaunaldi berria, esan daitekenez.